XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gero eta zabalera haundiagoa hartzen zuten, joan eta etorri, joan eta etorri.

Leihorantz okertu zuen burua.

Emakume handiak aurreko postura berdinean jarraitzen zuen, aho zabalik eta begiak itxita.

-Hilda ote dago? galdetu zion bere buruari andrearen bularrean arnas aztarnaren bat bilatuz.

Maletan zeukan ispilu borobila atera eta aho lurrunik bazeukanentz konprobatzeko ideia eduki zuen.

Ez zen aurrerago joan.

Oso nagi eta desgogotuta sentitzen zen, korbata gorridunarekin izandako lehiaren nekea bapatean etorri izan balitzaio bezala, eta besoa luzatzea ere lan astuna iruditzen zitzaion.

Gainera, aurikularretatik zetorkion flautaren doinu grabeak areagotu egiten zion nagitasuna.

Joan-etorrika jarraitzen zuen, eta aldian behin urrutitik, minarete baten puntatik edo lanturuka kantatzen zuen gizon baten ahots lasaigarria gaineratzen zitzaion.

Begiak emakume haundiarengandik bereizi eta autobusaren kristaletik begiratu zuen.

Kanpoan, kontrako norabidean zetozen autoen farolek argitutakoaz at baranda metalikoak, autobidearen hurbileko sastraka, den-dena ilun zegoen.

Eta almendroak, almendro txuriak?

Ez al ziren iluntasun hura hausteko gauza?

Begiak kixkurtu zituen areago ikustearren.

Baina ez, ez zen ezer bereizten.

Eta artizarra?

Lehengo leku berberean jarraitzen al zuen artizarrak?

Zerurantz jarri nahi izan zituen begiak, baina alferrik.

Ez zen gauza izan.

Puztuta bezala sentitzen zituen betazalak.

Hurrengo instantean lo zegoen bidaian bigarren aldiz, eta ametsetan.